2011-09-01 / 09:30 / Paula Kasares
Euskararen berreskuratze sozialaren prozesuak hizkuntzaren hiritartzea ekarri du. Azken mendean euskara hiritik baztertuta egon da eta bereziki landa eremuetako mintzaira izatetik. Nekazalgo eta arrantzuaren bizimolde tradizionalei lotuta egotetik, modernitateari eta hirietako bizimoduari egokitu zaie gutxi-asko. Egun, euskaldun gehienak hirietan bizi dira eta oso ehuneko apala baino ez, aldiz, herri txikitan.
Bestalde, jakina dago herririk euskaldunenak, IV. inkesta Soziolinguistikoaren arabera, biztanleen % 80tik gora euskaldunak dituztenak, txikiak izaten direla. Hala bada, ikuspegi kuantitatibo batetik euskararen egoerarako herri txiki euskaldunak ezer gutxi badira ere, kualitatiboki, hizkuntzaren bizitasunarako berebiziko garrantzia dute. Herri euskaldun horietako eskolei erreparatu nahi diet, herri txikietan eta auzoetan egoten diren landa eremuetako eskola txikiei, hain zuzen ere. Zergatik merezi dute arreta hezkuntza errealitate ñimiño horiek?
Hizkuntzaren ikuspegitik, nahiz eta hiztun kopuru urria izan, herri euskaldunetan euskara bizi-bizirik dago, belaunaldi guztietako herritarren mintzaira delako eta ohiko harremanetan erabiltzen delako. Herri txiki horiek hizkuntzaren bizitasunerako beharrezkoak dira, Joshua A. Fishmanen hitzetan «demographically concentrated and intergenerationally continuous» («demografikoki kontzentratuak eta belaunaldien artean jarraiak») baitira. Horregatik, «heartlands of minority languages» deitu izan zaie, hots, hizkuntza gutxituen oinarriak. Gurean, Mikel Zalbide euskaltzainak "arnasguneak" erabiltzen du euskara gizarte harremanetan ohikoa duten herri eskualdeei esateko. Herri euskaldun horietan euskarak bertako mintzamolde eta erregistro jator (hitanoa, soziolektoak...) garbienak eta bizienak atxiki ditu.
Herri txikien ikuspegitik, eskolak bizia ematen dio herriari, haien bihotza eta bizipoza baita. Haurrek herrian dabiltzate egun osoan eta eskolak bertako kulturari eta ohiturei eusten die, haurrak bertako kultura ohituretan sozializatuz: inauteriak direla, Olentzero, Orakunde (Ostegun Santuko haurren eguna), Santa Ageda, festak... Eskola txikiek beste eskola eredu bat izan nahi dute. Bestalde, eskolek, zerbitzu gisa, biztanleei herrixkan geratzen laguntzen diete.
Familien eta haurren ikuspegitik, ikasleak herriari estu lotutako eskola batean hazten dira, herriaren bizitzan erroturik. Adin desberdineko haurrak biltzen dira ikastalde berean eta horrek elkar eragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen ditu. Gainera, eskola txikietan gurasoen inplikazioa handiagoa izaten da.
Beraz, herri txikietan eskolak hizkuntzari baizik herriko bizimodu, ohitura eta kultura eusteari ere eragiten dio. Jacqueline L. Urla antropologoak eta Jakoba Errekondo nekazaritza-ingeniariak honela idatzi dute Zerain herriaz eta hango eskolaz: «One of the first steps locals took to preserve their community was to create a school in town for their younger children. Keeping children close to their families and neighbours during their early socialization was regarded by residents to be essential for the transmission of local culture, language, and customs as well as the formation of closer life long bonds with their peers». Hau da, Zerainen tokiko garapen iraunkorrerako lehen urratsetako bat herriko haur txikientzat eskola sortzea izan zen. Izan ere, Zerainekoek haurrak herrian, haien familia eta auzokideekin atxikitzea funtsezkotzat jo dute herriaren kulturaren, hizkuntzaren eta ohituren transmisiorako, baita tokian errotutako bizimodua bermatzeko ere.
Herri txikietako edo auzoetako eskola gure hezkuntza sistemako errealitate kuantitatiboki txikia baina kualitatiboki garrantzitsua da. Azken hamarkadetan teknologia berriek eskola txikien arteko elkarlana eta koordinazioa erraztu dute. Adibidez, Gipuzkoako eskola txikien sarea 1987. urtean abiatu zen. Irakasle talde bat, eskola txikien balioaz jabeturik, elkartzen hasi zen. Egun Gipuzkoako eskola txikiak 26 dira eta mila bat ikasle biltzen dira bertan. Bizkaian 24 eskola txiki daude. Araban herrietako eskolen arazoei aurre egiteko Landa Eskolen Foroa sortu berri dute. Nafarroan landa eremuko eskolak 79 dira, baina hemendik aurrera bat gutxiago, duela aste batzuk amaitu den ikasturtea azkena izan delako Nafarroako Mendialdeko Eratsungo herriko eskolarentzat. Heldu den ikasturtean neska-mutiko eratsundarrak Doneztebeko ikastetxe publikoan bildu beharko dira. Nahiz eta herriak eskolari eusteko ahaleginak egin, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskola ixteko erabakia aurrera eraman du, gutxienez 5 ikasle behar baitira eskola zabalik izateko. Eskolen itxiera behin betiko izanen da. Hau da, behin itxiz gero eskolak ez dira berriz zabaltzen, nahiz eta haur zenbakia hazi. Hala gertatu da Eratsundik hurbil dauden Zubieta eta Elgorriaga (Malerreka) eta Aniz (Baztan) herrietan, baita Arabako Bernedo herrian ere. Herriak haren eskola galtzen duenean, nolabait bizia ere galtzen duela diote.
(PAULA KASARES Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua da)
No hay comentarios:
Publicar un comentario